XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasieran hitz bat izan zen: Agur; orain, keinu hotz bat... eta bihar, auskalo....

Gero eta urrutiago Agustin, gero eta maiteminduago Rosa.

Goizeko zazpiak ziren.

Kanpaiak entzuterakoan, sanagustin loreaz gomutatu zen, berak izen horrekin bataiatutako lore hartaz.

Eta kanpanlore batek, estaminak korolaren kontra astinduz, izadiaren edertasuna ddanddaka aldarrika zezakeela otu zitzaion lez, kanpandorreko ezkilek Elizaren edertasuna aldarrikatu zutela bururatu zitzaion, zazpi koloretako hotsetan.

Seminariora zihoan berriro.

Pozik zegoen.

Pozik zegoen, bai, orain ziur bait zegoen apaiz egingo zela, Gabonetako oporrak iragan ondoren, Rosa guztiz urrundu zuelakoan.

Baina apaizgaitegira iritsi eta gelara sartu bezain azkar, aitak oparitutako El Grecoren koadroarekin topatzerakoan, Rosaren irudia tartekatu zitzaion berriro, arteriak eta zainak adrenalinaz gainezkatzen zitzaizkiolarik.

Eta ezin izan zituen bihotzak bularkaiolako ingudeari zeragizkion altzairuzko taupadak isilerazi.

Koadroa bere lekutik kendu eta idaztegiko kaxoi batean ezkutatu zuen, ahozpez.

Bizitza Euskadiko kaleetan zehar omen zegoen, Erdi Aroko gotorlekuetako murrailak ziruditen Seminarioko hormez bestaldean.

Eta hala zirudien....

Zeren oporretatik apaizgaitegira itzuli ahala, bere kurtsoko beste bi ikaskide bait ziren atereak.